DAPASen helburua da irtenbide bat ematea lehen mailako erabiltzaile gisa zaintza premia duten pertsonei eta horien zaintzaile edo zerbitzu medikoei. Nagusiki, esparru hauetan emango du babesa DAPASek:

  1. Segurtasun sentipena sortu zaintza premia duten pertsonentzat eta horien zaintzaileentzat. Adineko pertsonek izaten dituzten istripu gehienak etxean gertatzen dira eta horien % 90 inguru prebeni daitezke. Neurri oso errazak erabiliz, istripu horiek ekidin daitezke. DAPASek etxeko segurtasunerako funtzioak izango ditu, adineko pertsonen etxeetan istripuak ekiditeko. Adineko pertsona horien zaintzaileak ere kontuan hartuko dira prozesuan. Helburu nagusia da adineko pertsonari independentzia ematea, eta segurtasun sentipena ematea bai pertsona horiei, bai horien zaintzaileei. Era horretan, beharrezko zaintza mailaren presioa nabarmen murrizten da.
  2. Eguneroko bizitzako jarduerak egiteko laguntza behar duten pertsonak babestu. Gaixotasun kronikoen edo ezintasunen ondorioz, adineko pertsona askok arazoak dituzte eguneroko jarduerak egiteko. Arazo horien ondorioz, zailtasunak dituzte beren burua zaintzeko. Eguneroko bizitzako jarduerak egiteko arazoak hainbat arrazoiren ondorioz sor daitezke, eta zuzeneko zerikusia dute bestelako osasun arazoekin. DAPASek adineko pertsonei lagunduko die beren gaitasunak ahalik eta modu independenteenean mantentzen, era horretan, zaintza premia dutenek, ahalik eta denbora luzeenean zehar, beren etxeetan bizitzeko gaitasuna izan dezaten. DAPAS osagarriak aukera emango die adinekoei beren zaintzaren plangintzan parte hartzeko. DAPASek ongizatea eta bizi balioak antzeman ditzake. Zaintzaileek dagozkion bizi balioetarako mugak ezar ditzakete eta denbora epe batean zehar balio horiek izandako bilakaera monitorizatu dezakete. Ongizatea antzemateko funtzioari esker, zaintza premia duten pertsonak eta beren zaintzaileak elkarren artean komunika daitezke, nola dauden jakinarazteko. DAPASek eguneko eginkizunak kudeatzen eta jarduerak antolatzen lagun dezake. Kudeaketa horri esker, zaintza premia duten pertsonen eta horien zaintzaileen estres mentala ekidin daiteke. DAPASek osasun mentala mantentzen lagun dezake, zaintza premia duten pertsonei buru ariketak eta memoria ariketak egiteko aukera eskainiz. Funtzio horiei esker, DAPASek aukera ematen die zaintza premia duten pertsonei etxean aktibo egoteko.
  3. Komunikazioa areagotu. Zaintza premia duten adineko pertsonek denbora gehiago eta betebehar gutxiago izaten dituzte askotan. Hori dela eta, adineko pertsonen artean, komunikazioak erabateko lehentasuna du. Komunikatzeko premia gero eta handiagoa izan arren, askotan distantzia egoten da komunikazioaren beste aldean dagoen pertsonarekin (seme-alaba…) eta beraz, komunikabide egoki bat behar izaten da. DAPASek lankidetzarako funtzioak edukiko ditu, komunikatzeko aukera gehiago eskaintzeko. Neurri horiek guztiek adineko pertsonen gizarteratzea eta bizitza aktiboa sustatuko dute.