Bereziki, gaur egun, koronabirusari aurre egiteko neurriak kontuan hartuta, adineko pertsona asko isolatuta eta bakarrik sentitzen dira, senideekin eta lagunekin eduki ohi duten zuzeneko kontaktua ezinezkoa baita. Hori dela eta, garrantzitsua da adineko pertsonentzako irtenbideak aurkitzea, beren inguruko pertsonekin komunikazioa irmotzeko, baita etxean geratu behar dutenean ere.
Gure DAPAS sistemak horretarako irtenbide ezin hobeak eskaintzen ditu. Aplikazio erabilerraz batzuk eskaintzen ditu, hain zuzen ere, senide eta lagunekin kontaktuan egon eta horiengandik gertu sentitzeko. Bereziki egun bizi dugun egoeran, adineko pertsonak ere azkar ari dira ikasten teknologia berriak nola erabil ditzaketen senideekin komunikatu ahal izateko. Hori da, baita ere, proiektuko kideek DAPAS sistemaren inguruan gehien baloratzen duten onuretako bat.
«Oso pozik nago DAPAS EU proiektuan parte hartzen ari naizelako! DAPAS sistemaren teknologia aplikatuari esker, nire alabarekin hitz egin dezaket nahi dudanean, eta nahi izanez gero, ikusi ere egin dezaket» dio Graz-eko proiektuko partaide den Juttak.
«Halaber, ikusi ahal izan dut nire birbilobak oinez nola ikasi duen, eta nola hasi den niri irribarre egiten, harekin egon ez arren», dio egoitza horretan bizi den Roswithak.
Egoiliar guztiek ahalik eta osasun egoera onena izan dezaten, hainbat aste etxean pasa behar dituzte, premiazko gauzetarako bakarrik atera daitezke apartamentuetatik, eta batez ere ezin dute inor etxera gonbidatu. Hala ere, Graz-eko «Liebenau» laguntza zentroan, egoera gogorra izan arren, beharrezko premia guztiak aseta dituzte egoiliar guztiek. Erosketak egiten dizkiete eta jokoak zein materialak ere ematen dizkiete, memoria landu edo denbora pasatzeko. Batzuetan, elkarte laguntzaileetako zaintzaile formal zein informalek beraiekin hitz egiten dute, egoera zail honetan zainduta eta seguru senti daitezen, betiere beharrezko distantzia neurriak mantenduta, noski.
Hala ere, egoera honetan, elementu garrantzitsuenetako bat falta zaie: zuzeneko kontaktua beren senide eta lagunekin. Proiektuan parte hartzen duten Graz-eko Liebenau laguntza zentroko zazpi pertsonek hain zuzen ere horregatik baloratzen dute hainbeste DAPAS sistemak eskaintzen dituen irtenbideak: izan ere, bideodeiak eta ahots bidezko deiak egiteko aukera emateaz gain, senide eta lagunekin argazkiak partekatzeko aukera ere ematen du. Bideodeiek bereziki arrakasta handia dute: senideengandik gertu sentitzeko aukera ematen dute, horiekin hitz egiteaz gain, horiek ikusteko aukera ematen baitute, eta beraz, elkarrizketa arrunt baten oso antzekoak baitira.
«Lasaitasun handia ematen dit bideodei batean ama ikusi eta egoera honek guztiak asko kezkatzen ez duela ikusteak. Esango nuke ni nagoela kezkatuago. Berak erronka gisa ulertu du egoera hau, gai izan da egoerari aurre egiteko eta aldi berean, gazte eta arin mantentzen da», dio Juttaren alabak.
Sistemaren funtzionamendu egokia bermatzeko, askotan zaintzaile formalek laguntza ematen diete egoiliarrei. Egoiliarrei sistema erabiltzen erakusten diete, eta zerbaitek ongi funtzionatzen ez badu, errorearen berri ematen diote lantalde teknikoari.